XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arrantzaleen kofradian ere antzeko kontuak zituzten: - Jakin al duk, Xastian? - Zer jakin, Pikamendiko oilarrak zazpi arraultz ipini dituela? - Ez.

- Hori atzoko kontua duk. Ni gaurko kontuekin natxatorrek, motel!.

- Zein kontu dira hoik, ba? Sua kostaraino datorrela, edo...

- Nongo sua? - Sakeletxe baserrian pistu dutena, gizona!.

- Sakeletxe baserrian? Ez diat ezer entzun.

- Ba, gizona, ganadu dena erre omen duk eta orain Braulio harakina astoaren txuletak ari omen duk saltzen. Txuleta erreak gainera! - Halajainkoa!.

Herriko plazan eguzkia lasai hartuz zeudenak ere zerbait esan nahiko zuten, ba: - Egun on, Joxe Miel! - Bai eta zuri ere! - Azkenengo berriak jaso al dituk?.

- Zein berri, harakinaren txuletak bukatu direla edo zer? - Zer txuleta eta zer odolki? Etxeberrin gertatu dena.

- Bai, gizona, eta ez nola halako kontua.

- Jakin ezak ba; Etxeberriko Mikelak haur bat izan duela.

- Ez al dizkik, ba, Mikelak 77 urte? - Joandako urtean zizkian 77, lehengo astean bete zizkian, San Migel egunez, 85 urte.

- Gaizki xamar habil besteen urteak kontatzen! - Ez nian entzun Mikela haurdun zegoenik.

- Badituk hamabi urte haurdun zegoela, eta gaur eguerdian izan omen dizkie nobedadeak Etxeberriko baserri zaharrean.

- Eta zer, mutila ala neska? - Bi mutil eta hiru neska.

- Besterik ez? - Oraindik beste bi haur gehiago, mutilak ala neskak diren aklaratu gabe.

- Andala! - Gehiago oraindik.

- Gehiago? - Bai, gizona, zazpirak adardunak omen dituk.

- Adardunak? - Bai, adar bat, hemen, buruaren ezkerraldean, eta beste adar bat, hemen, buruaren eskuinaldean.

- Baina, zer adar klase, ahuntzarenak ala zezenarenak? - Ez, ez.

- Basahuntzarenak, luzeak, okerrak eta bihurri bihurriak.

- Fenomeno! - Banijoak parrokira, Bikario jaunari berriak ematera.

- Bijoa azkar, bai, bataio festa ederrak izango dizkiagu eta. Agur!.

Horrelakoak ziren arrantzaleen herrixka hartako eguneroko kontuak.

Eta jakina, halako nahaspila barruan ezin jendearen buruak argitu.

Benetako arazoak zituzten, eta nahasketa hura argitzeko asmoak eranginda alkate jaunak eta bikarioak bilera bat egin ondoren eta herriko arazoak ondo eta luze aztertu ondoren, batzar nagusi bat egitea erabaki zuten.

Herriak egia behar zuela eta egia ekartzeko bide guztiak urratu behar zirela.

Hara goiz batean gertatua arrantzaleen herrixka hortako plaza nagusian.